Berriak

Beste urte batez, Urnietako Udalak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak hitzarmena sinatu dute urnietarren eskola kirol egokitua babesteko. Hitzarmen honen bidez, urnietarrak diren haur eta gazteek eskola kirol egokituko programan parte hartzeko aukera dute, ohiko eskola kiroleko kuota ordainduz eta euren beharretara egokitutako zerbitzua jasoaz. Eskerrik asko eta segi dezagun bidea egiten!


Otsailaren 8an jokatu zen Gipuzkoako X. Euskal Pilota egokituko txapelketaren finala, Legazpiko Urbeltz frontoian. Iraitz Huegun Mindara elkarteko pilotariak lortu zuen txapela hainbat partida jokatu ostean. Txapeldunorde, aldiz, Zarautz kirol elkarteko Joseba Altuna geratu zen. Giro ederrean aritu ziren pilotariak, izan ere, maila asko hobetzen ari dela erakutsi zuten. Parte-hartze handia egon da txapelketa honetan eta une honetan pilota egokitua indarrean dagoela esan daiteke. Txapelketa hau Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren arteko elkarlanaren fruitua da, beti ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Kasu honetan, txapelketa egin ahal izateko Zestoako Udalaren eta Legazpiko Udalaren laguntza izan dugu, baita Legazpiko Gazteko pilota elkartearena ere. Eskerrik asko guztiei eta zorionak txapeldunei!



Pasa den larunbatean (otsailak 1) sentsibilizazio saioa egin genuen Buruntzaldeko eskola kirolean, Usurbilen. Hirugarren urtez, kirol egokituko jolasak egiteko aukera izan zuten Astigarragako, Hernaniko, Lasarte-Oriako, Urnietako eta Usurbilgo haurrek. Arrakasta handia izan zuen jardunaldiak, eta guztira, 250 haurrek parte hartu zuten eskola kirolaren barruan antolatutako ekimen honetan.




Datorren otsailaren 1ean, eskubaloi egokituko lehen entrenamendu saioa egingo da Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, 10:00etatik aurrera. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak hainbat talde ditu martxan eskola kirol egokituko sarean. Talde horietatik, Irungo eta Zarauzko gazte talde batek eskubaloia gustuko du. Hori dela eta, gazteak euren artean ezagutzeko aukera ahalbidetu nahi da entrenamendu saio honen bidez. Eta, bestalde, Zarauzko Kirol Elkarteko (ZKE) eskubaloi sekzioarekin elkarlanean, eskubaloi egokitua bultzatu nahi da. Guztira, adin ezberdinak dituzten hogei gazte inguruk parte hartuko dute eta GKEFeko teknikariak ere egongo dira laguntzen. Ea eskubaloi egokituari bultzada ematen diogun eta proiektu inklusiborik ateratzen den aurrerantzean.




Datorren larunbatean, otsailak 1ean, Gipuzkoako igeriketa egokituko txapelketa egingo da, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. 09:30etik aurrera lehian ariko dira elkarte ezberdinetako igerilariak. Aurten, Konporta K.E., Bidasoa XXI, Aspace Alava eta Gaude elkarteetako igerilariek parte hartuko dute. Guztira 30 igerilari inguruk parte hartuko dute aurtengo edizioan. Anima zaitezte txapelketa ikustera.




Fortuna elkarteko hiru kirolarik parte hartu dute pasa den asteburuan Espainiako Txapelketako lehen proban, Ciudad Realen. Alex Prior kirolariak lehen postua eskuratu du sable eta florete kategorietan. Ezpatan, aldiz, bigarren geratu da gipuzkoarra. Bestalde, lehen aldiz lehiatu dira Ayem Oskoz eta Manuel Quesada gipuzkoarrak Espainiako txapelketan sentsazio onak lortuz. Hiru kirolariekin batera Igor Otaegui eskrimako maisua egon da. Zorionak denei!




200 metro bizkarreko munduko errekorra gainditu du 25 metroko igerilekuan gipuzkoarrak, asteburu honetan, paralinpiar igeriketako AXA txapelketan, Valdemoron (Madril). Zorionak!




Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioren elkarlanari esker, bihar (urtarrilak 25) pilota egokituko bigarren topaketa egingo da, Irungo Uranzu frontoian, 10:30ean. Adimen urritasuna duten hogei kirolari baino gehiagok parte hartuko dute. Giro ederrean ariko dira jolasak eta ariketak egiten.




Urtarrilaren 8an Mondragon Unibertsitateko Huheziko ikasleak izan genituen bisitan Federazioan. Desgaitasunak dituzten pertsonen inguruko kirol eskaintzen inguruan aritu gara solasean, besteak beste. Magisteritza ikasten ari diren ikasleek interesa izan dute desgaitasunak dituzten pertsonek zer nolako kirol eskaintza daukaten Gipuzkoan. Eskerrik asko zuen interesagatik!




 GABONETAKO HAUR PARKEAK!
Aniztasun funtzionala duten haur eta gaztetxoentzat modu lasaian gozatzeko aukera eskaintzen dute Gipuzkoako hainbat gabonetako haur parkeek. Hemen duzue informazio osoa:

☑️ ANDOAIN: Abenduak 29 igandea, 17:00etatik 19:00etara Allurralde kiroldegian.
☑️ AZKOITIA: Abenduak 26, 27 eta 28, goizez eta arratsaldez Elkargunean.
☑️ AZPEITIA: Abenduak 26 eta 27, 15:00etatik 16:00etara eta abenduak 28, 10:00etatik 11:00etara Izarraitz pilotalekuan.
☑️ DONOSTIA: Abenduak 31 asteartea, 10:30etik 13:30era Kursaalean.
☑️ IRUN: Abenduak 28 larunbata, 10:00etatik 13:30era, Ficoban.
☑️ ZARAUTZ: Abenduak 26 osteguna, 16:30etik 19:00etara, Aritzbatalde kiroldegian.

Anima zaitezte!




© 2020 GKEF-FGDA