Berriak

IK-Once Gipuzkoa elkarteko Maider Santesteban eta Nicolas Verdejo kirolariak Madrilen dauden egunotan goalballeko estatuko teknifikazio topaketan. Datorren igandean bitartean, Espainiako selekzioarekin kontzentratuta egongo dira saio teknikoak egiteko. Helburu nagusia datorren urtean egongo diren kirol ekitaldietarako prestatzea da.
Guztira, 16 kirolarik parte hartuko dute egun hauetan, lau entrenatzaile, fisioterapeuta bat eta Ikusmen Urritasuna duten kirolarientzako Espainiako Federazioko teknikari batek. Tartean, bi gipuzkoarrek parte hartuko dute.


Pasa den ostiralean (azaroak 13), Itsasondoko Gazteria sailak antolatuta, sentsibilizazio saioa egin genuen herriko pilotalekuan. Gaztetxoekin desgaitasunaz hausnartzeko aukera izan genuen kirol jokoen bitartez.

Gurpil aulkiko kirolak, antifazekin jolasak...guztiek balio izan zuten gaztetxoek beste errealitate batzuk daudela ikus zezaten. Euren interesa handia izan zen eta guztion artean eskola, herri eta gizarte inklusiboago bat egin dezakegula ohartu ginen. Eskerrik asko Itsasondo!



Blanca Aranguren Achotegui izango da hurrengo lau urtetan Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko presidentea. Igor Otaeguik utzitako lekukoa hartuko du Arangurenek, baina aski ezaguna du dagoeneko Federazioa eta kirol egokitua. Aurreko legealdian, presidenteordea izan da eta gertutik bizi izan du Gipuzkoako kirol egokituaren inguruko kirol elkarteak, txapelketak, eskola kirol egokitua etab.

Ilusioz ekingo dio legealdi berriari eta erronka ugari izango ditu aurretik. Hilabete gogorrak izaten ari diren arren, Arangurenek esperientzia luzea du desgaitasun gaietan eta gogotsu hartu dio lekukoari. Aipatu beharra dago Federazioko sorreratik lehen emakumea dela presidente moduan.



Covid-19aren egoera epidemiologikoak okerrera egin duenez EAEn, Eusko Jaurlaritzak kirola eta jarduera fisikoa egiteko neurri berriak jarri zituen indarrean pasa den azaroaren 7an. Eskola kirola bai al ez, entrenamenduak egin daitezkeen ala ez, zenbateko taldeak, herri batetik bestera mugi daitezke kirolariak... zalantza ugari sortu dira azken egun hauetan.

Atzo argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak zalantzei erantzuteko dokumentu berria.

Hurrengo loturan dituzue Eusko Jaurlaritzak argitaratutako dekretua eta zalantzen inguruko dokumentua: https://www.euskadi.eus/jarduera-fisikoaren-eta-kirolaren-jarraibideak/web01-a2kirola/eu/



Gaur aurkeztu da Fica, Nazioarteko atletismo film festibala, kultura atletikoan oinarritzen dena Donostiako Aquariumean. Aurten, azaroaren 10etik 14ra ospatuko da. Covid-19 dela eta, streaming bidez egingo da festibala eta atletismo egokituak bere tartea izango du. Antolatzaileen esanetan, zaila izan da aurtengo edizioa martxan jartzea baina gogoz eta ilusioz ekin diote.

Atletismo egokituaren eguna azaroaren 12an izango da. Gaiarekin lotutako filma ikusteko aukeraz gain, egun horretan saio berezi bat ikusteko aukera egongo da. Bertan parte hartuko dute Alicia Figueroa (GKEFeko zuzendari teknikoa) eta Javi Condek (korrikalari paralinpiarra eta entrenatzailea).

Festibalaren informazio gehiago eta programazioa: www.ficafestival.com



Hauteskunde prozesua aurrea doa Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioan. Azaroak 6 bitartean, Federazioko presidentea izateko hautagaiak aurkezteko epea irekita dago.

Hauteskunde prozesuaren dokumentazio guztia webguneko 'Federazioa' atalean aurkituko duzue. Eta, informazio gehiago nahi izanez gero, telefonoz edo emailez harremenatan jar zaitezkete.

*Piktograma: Arasaac



Covid-19aren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak kirola egiteko neurri berriak atera zituen pasa den urriaren 26an. Entrenamenduak egin daitezkeen ala ez, zenbateko taldeak, herri batetik bestera mugi daitezke kirolariak... zalantza ugari sortu dira azken egun hauetan.

Urriaren 29an Gipuzkoako Foru Aldundiak dekretu horren interpretazio dokumentua atera zuen zalantza ezberdinei erantzuteko asmoz.

Hurrengo loturan dituzue bi erakundeek ateratako dokumentuak: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/kirolak/coronavirus-informacion



Alex Prior kirolari gipuzkoarrak urrea lortu du Espainiko gurpi-aulkiko eskrima txapelketan, ezpata eta sable kategorietan, Valladoliden (Espainia) gaur egin den txapelketan. Florete kategorian, berriz, zilarra lortu du Priorrek.

Manu Quesada kirolari gipuzkoarrak ere zilarra lortu du sable kategorian. Bi kirolari gipuzkoarrak Fortuna elkartekoak dira eta biak Igor Otaegui eskrima irakaslearekin aritzen dira. Haiekin batera, Ramon Gonzalez gipuzkoarrak ere Espainiako txapelketan parte hartu du lehen aldiz.

Zorionak lortutako emaitza onengatik!



Hurrengo igandean, urriak 25, Bikingo eguna ospatuko da Hondarribian, Federarte festibalaren baitan. Gipuzkoako Surf Federazioak antolatuta, sup inklusiboa egiteko aukera egongo da berriro ere 11:00etatik aurrera. Covid-19aren inguruko segurtasun neurri guztiak zorrotz beteko dira.

Izena eman nahi izanez gero edo informazio gehiagorako, deitu Federaziora: 943462514. Animatu eta parte hartu!



Gaur hasiko da Berlinen (Alemania) paralinpiar igeriketako munduko serieen txapelketa. Igandea bitartean, munduko herrialde ezberdinetako igerilariek parte hartuko dute bertan. Espainiako selekzioan bi gipuzkoarrek parte hartuko dute oraingoan: Iñigo Llopis (Konporta K.E.) eta Nahia Zudaire (Buruntzaldea IKT).

Covid-19a dela eta, txapelketak bertan behera geratu ziren pasa den martxoan. Hauxe izango da nazioarteko lehenengo lehiaketa eta indarrak nola dauden ikusteko aukera ona izango da. Llopisek dagoeneko A minima dauka Tokioko Paralinpiar Jokoetarako. Zorte on bioi!



© 2021 GKEF-FGDA