


Denboraldi berriari ekiteko prest! Ziurgabetasun handia, araudien egokitzapenak, segurtasun neurriak... aldaketa asko baina gogoz ikasturte honi ere aurre egiteko! Hurrengo asteetan programa guztien berri ematen joango gara!
Federazioko bulegoa itxita egongo da abuztuaren 10etik 21era (biak barne). Abuztuaren 24an itzuliko gara indarberrituta! Abuztua eta irailean 09:00etatik 14:00etara izango da jendaurreko ordutegia.
Aurten ere udaleku irekiak egiteko aukera izan dugu uztailan zehar Gipuzkoako hainbat herritan. Hondartzan, frontoian, kalean, igerilekuan, museoan...ibili gara udaz gozatzen. Eskerrik asko Irizar eta Orona Fundazioari proiektu honi bultzada emateagatik eta gazteen aisialdiari atea zabaltzeagatik. Ederki ibili gara!
Gipuzkoako Foru Aldundiko 2020ko Etorkizuneko Kirolarien zerrenda argitaratu du. Kirol egokituaren atalean dauden hamar kirolariez gain, meritu bereziak lortu dituzten kirolarien artean Nahia Zudaire Borrezo igerilaria dago. Izan ere, 2019an Munduko igeriketa egokituko txapelketan parte hartu zuen Zudairek. Etorkizuneko kirolariek izango dituzten zerbitzuez gain, honako hauek ere izango ditu igerilari gipuzkoarrak:
-Nutrizio, fisioterapiako, kirol psikologiako eta kirol planifikazioko laguntza zerbitzua.
-Heldutasun maila eta entrenagarritasuna neurtzeko probak.
Zorionak Nahia!
Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu ditu 2020erako Etorkizuneko Kirolariak. Horien artean, kirol egokituko atalean, hamar kirolari daude. Igeriketa, atletismoa, slaloma eta boccia dira kirolari horien artean dauden kirol modalitateak.
Etorkizuneko kirolari izendaturikoentzako onurak hauexek izango dira:
-Etorkizuneko kirolarien komunitateko kide izatea.
-Jardunaldi eta topaketa komunitarioetan parte hartzea (Kirol Experience).
-Saio informatiboak ikasketa, psikologia eta nutrizio arloetan.
-Onurak unibertsitateko eta unibertsitateaz kanpoko ikasketetan.
-Kirola eta ikasketak bateratzen laguntzea.
Zorionak denei!
Anoeta futbol zelaiaren obrak zirela eta, ia hiru urte pasa dira Donostiako Cemei eraikinera etorri ginela. Orain, Federazioaren betiko bulegora itzultzeko garaia iritsi da. Horregatik, datorren astean uztailaren 20tik 24ra lekualdaketa egiten ibiliko gara. Uztailaren 27tik aurrera gure Anoetako bulegoko ateak zabalik izango dituzue!
Uda betean gauden honetan, esperientzia polit bat kontatu nahi dizuegu. Hegalak Zabalik Fundazioak martxan du Denur-Oztoporik gabeko bainua Kontxako hondartzan. Programa honi esker, edozein desgaitasun duen pertsonak orok itsasoaz gozatzeko aukera izaten du, beti ere, laguntza profesionalarekin eta beharrezkoak diren elementuekin. Eguraldi txarra izanez gero, Hegalak kirol zentroko igerilekuan saioa egiteko aukera izaten da. Horixe da pasa den astean Abdullah txikiak bizitako esperientzia bikaina. Abdullahk ez du gustuko soinu asko dagoen tokietan ibiltzea, konfiantza lortzeko denbora behar du, beste askok bezala. Baina zer ote da uraren magia! Lasai eta pozik ibili zen uretan, talde profesionalaren besoetan. Izan ere, pertsona orok du, desgaitasunak desgaitasun, bere ongizatea elikatzeko eskubidea! Ziur gaude, berriz ere errepikatuko duela!
Atzo aurkeztu zen Oñatiko Gaztelekuan Antxintxika elkartearen triatloi egokituko sail berria. Bertan izan ginen Federaziotik gure babesa ematen, horrelako ekimenak ongietorriak izaten baitira. Covid-19ak aurreikusitako lasterketak bertan behera utzi baditu ere, saila osatzen duten hiru kirolariak gogoz ari dira entrenatzen. Zorionak Antxintxika erronka berri honengatik!