Berriak

Datorren larunbatean, martxoak 6, hasiko da Gipuzkoako XI. Euskal Pilota Egokituko Txapelketa. Gaur egin da txapelketaren aurkezpena Errenteriako Agustina Otaola frontoian. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, bi modalitate egongo dira: batetik, adimen urritasuna duten kirolariena, eta bestalde, urritasun fisikoa duten kirolariena.

Hurrengo hilabeteetan Gipuzkoako hainbat herritan jokatuko dira partidak: Errenteria, Asteasu, Zumaia, Mutriku, Alkiza, Idiazabal, Usurbil, Ataun eta Lasarte-Oria. Txapelketaren finala, berriz, ekainaren 26an egingo da Zumaian. Bi federazioetatik eskerrak eman dizkie udal ordezkari guztiei euren frontoien ateak zabaltzeagatik. Desgaitasuna duten kirolarien gizarteratzea denon ardura dela gogorarazi nahi izan dute antolatzaileek eta bide hori elkarrekin egiteko deia luzatu dute.

Txapelketa honetan parte hartuko duten kirol elkarteak hurrengoak izango dira: Pagazpe, Mindara, Ostadar eta Zumaia. Kirolarik gogoz ekingo diote txapelketari, izan ere, hilabete asko pasa dira lehian aritzeko aukerarik gabe.



Gurpildun aulkiko eskrimako Espainiako Txapelketako lehen proba egin zen pasa den asteburuan, Valladoliden. Emaitza bikainak lortu zituzten Fortuna elkarteko kirolariek Igor Otaegi entrenatzailearen gidaritzapean. Hemen dituzue asteburuan lortu dituzten emaitzak:
? Alexander Prior
Urrea hiru modalitateetan:?Ezpata/Espada ?Florete ?Sable
? Manu Quesadak brontzea ?Sable modalitatean
? CD Fortuna KE Txapeldunordeak ?Ezpata elkarteen proban
ZORIONAK!


Igeriketa egokituko Nazioarteko Saria pasa den asteburuan egin da, Bartzelonan. Bertan parte hartu dute Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire igerilari gipuzkoarrek. Sekulako emaitzak lortu dituzte, izan ere, Llopisek Tokion egingo diren Paralinpiar Jokoetarako txartela eskuratu du berriz ere gutxieneko marka eginda, 100 metroko bizkar estiloan, 1:09.37 denborarekin.

Zudairek, berriz, B minima lortu zuen 400 metro librean 5:06.21 denborarekin. Ez du zuzeneko txartela lortu Tokiorako, A minima lortu behar baita, baina aukerak guztiz zabalik daude. Oraindik aukera egon daiteke horretarako!

Zorionak biei, lortutako emaitzarengatik eta egindako lanagatik!

Argazkiak: Buruntzaldea IKT / Basque Team



Covid-19aren krisiaren ondorioz, aurten, Eskola Kirol Egokitua programa martxan jartzea zaila izaten ari da. Duela bi aste hasi ginen Goierrin saioak eskaintzen eta momentuz dena aurrera doa. Une honetan, Beasainen eta Ordizian ur jarduerako saioak egiten ari gara desgaitasuna duten haur eta gazteekin.

Aurten, gaineran, Goierriko Eskola Kirol Egokituak eskualdeko izaera izango du. Izan ere, Goierriko Udaletxe guztiak ados jarri dira programa hau aurrera eramateko, eta hala, eskualdean desgaitasuna duten haur eta gazteei arreta eskaintzeko konpromisoa azaldu dute. Hemen duzue aurtengo eskuorria, informazio gehiago nahi izanez gero, harremanetarako kontaktuak uzten dizkizuegu. Anima zaitezte!



Urrezko domina irabazi du snowboarder gipuzkoarrak Pyhan egindako Munduko Kopan, Finlandia iparraldeko Lappi eskualdean dagoen parke nazionalean. Boardercross modalitatean lehiatu da Idiakez: larunbatean lasterketa bat eta atzo bestea egin zituen, eta bietan lehenengo postua lortu zuen.

Larunbatean 1:03.67an gelditu zuen kronometroa; atzo, aldiz, 1:02.04an. Lortutako puntuek nazioarteko sailkapenerako balioko diote, baita Paralinpiar Jokoetarako ere. Izan ere, getariarraren helburu nagusia, epe ertainera, Milan-Cortina d ‘Ampezzoko (Italia) Joko Paralinpikoetarako prestatzen jarraitzea da. Bere kategoria ez dago 2022ko Pekineko Jokoetarako aurreikusita, bai ordea 2026ko hitzordurako.

Zorionak Irati!

Informazio iturria: Artzape aldizkaria

Argazkia: CDIA



Astelehena hurrengo astebururako proposamen batekin hasiko dugu. Kala taldeko partaideek SORMENA ETA MUGIMENDUAri buruzko saioa antolatu dute larunbaterako, desgaitasuna duten gazteentzat! MUSIKAREN MAGIA ✨
? Eguna: Otsaila 13 Febrero
⏰ Ordua: 11:00-13:00
? Lekua: EIBAR Portalea
Ekimenaren informazio gehiago: https://www.bekala.net/bash/


Hegalak Zabalik Fundazioarekin dugun elkarlanari esker 'Ikusnahi sensi' programa abian jarri dugu Gipuzkoako eskola ezberdinetan. Duela aste batzuk Beasaingo Institutuan izan ginen DBH lehen mailako ikasleekin, eta aste honetan, Ordiziako Jakintza ikastolan parte hartu dugu.

Programa honen helburu nagusia da ikasleek gizartean dauden desgaitasun ezberdinen azalpena jasotzea eta saio praktikoaren bitartez lehen pertsonan zailtasun ezberdinak bizitzea. Hala, saioko lehen zatian desgaitasun ezberdinak aztertzen dira gainetik ikasleekin, zein desgaitasun ezagutzen dituzten galdetzen zaie eta hainbat gako ematen zaizkie egungo errealitateaz jabetzeko. Saio teorikoan aipamen interesgarriak ateratzen dira ikasleengandik, izan ere, gelako norbaitek beti izaten du esperientziaren bat familian, eskolan, kiroldegian, udalekuan...

Saioko bigarren zatia da ikasleen gustukoena. Praktikaren batera, kirol jolasen bitartez arestian aipatutako zailtasunak esperimentatzen dituzte. Gurpil aulkian mugitu, antifaza jantzita ikusmen desgaitasunera hurbildu edota arau ezberdinekin egindako jolasek adimen urritasuna hobeto ulertzeko aukera ematen dute. Hainbat joko proposatzen dira, hala nola, saskibaloia gurpil-aulkian, slaloma, boleibola eserita, futbola hainbat oztopoekin... ez zaie erraza egiten askotan eta orduan ohartzen dira beste pertsona batzuek senti dezaketena.

Azkenik, hausnarketarako tartea zabaltzen dugu ikasleen artean. Orduan ateratzen dira eguneko ekarpen interesgarrienak. Izan ere, gizartean egon daitezkeen errealitate ezberdinak ateratzen dira eta enpatia lantzeko aukera ederra izaten da, baita beste balio batzuk ere.



Pasa den asteburuan igeriketa egokituko etorkizuneko kirolarien AXA txapelketa egin da Valdemoron, Madrilen. Bertan, ehun igerilari inguru lehiatu ziren eta tartean, bi gipuzkoarrek parte hartu dute: Nahia Zudaire (Buruntzaldea IKT) eta Iker Aizpuru (Izarraitz IE).

Emaitzak bikainak lortu dituzte biak. Batetik, Nahia ZudaireK (S8) urrea lortu du txapelketako sailkapen orokorrean jubenil kategorian. Izan ere, lortutako emaitzak ez dira nolanahikoak izan: urrea lortu du 400 metro librean, 100 metro librean, 100 metro tximeletan eta 200 metro estiloetan. Gainera, marka pertsonal guztiak hobetu ditu. Oraindik badu aukera gipuzkoarrak Tokioko Paralinpiar jokoetan parte hartzeko, aurrerago jakingo da hori!

Iker Aizpuruk (S10), aldiz, brontzea eskuratu du sailkapen orokorrean eta lortutako emaitzak hauexek izan dira: urrea 200 metro estiloetan eta 100 metro bular proban, zilarra 100 metro bizkar proban eta brontzea 100 metro librean.

Zorionak biei lortutako emaitzengatik!

Argazkiak: FEDDF / Izarraitz



Pasa den larunbatean Bizipoza elkartearen 'Mundu berri bat guztiontzat' aurkezpen ekitaldian parte hartu genuen Federaziotik Hernaniko Biteri kultur etxean.

MUNDU BERRI BAT GUZTIONTZAT kantu eta bideoklipak, BIZIPOZA elkartea osatzen duten 11 elkarteentzako ekoiztutako lana da, 34 euskal sortzaileekin elkarlanean egina. Bertan 12 abestiz eta 11 bideoklipez osatutako CDa eta DVDa aurkituko dituzue. Proiektua, 34 euskal sortzaileekin elkarlanean ekoiztu da.

Aurkezpenean, sortzaileak, musikariak, elkarteetako ordezkariak eta babesleak egon ginen. Denon artean proiektu honi babesa eman genion, izan ere urrats garrantzitsua da gizarte inklusioaren bidean.

Informazio gehiago: www.bizipoza.eus



Gabonetako geldialdiaren ostean, berriro ere martxan jarri dugu estimulazio goiztiarra uretan ekintza Donostiako zenbait gunetan. Garapen alterazioak dituzten haurrei zuzendutako jarduera da eta garapen eremu guztiak lantzen dituzte profesionalekin ondo pasatzen duten bitartean. 0 eta 8 urte bitarteko haurrek parte har dezakete.

Donostiako Hegalak kirol zentroan, Intxaurrondo udal kiroldegian edota Etxadi udal kiroldegian dugu eskaintza (beheko irudian ordutegiak zehaztuta daude). Talde txikietan eta segurtasun neurri guztiak jarraitzen ditugu.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Federazioarekin.



© 2021 GKEF-FGDA