Pasa den larunbatean Bizipoza Elkartearen ‘MUNDU BERRI BAT GUZTIONTZAT’ kantu eta bideoklipen bigarren edizioaren aurkezpenean parte hartu genuen. Bigarren urtez, Bizipoza osatzen duten hamabi elkarte hartu dituzte, eta elkarlanean jarri dituzte elkarte horiek eta euskal sortzaileak, 11 kantu eta 11 bideoklip egiteko. Xabier Zabalak konposatu ditu kantu guztiak, eta hamabi idazle eta bertsolarik sortu dituzte letrak. Hamar kantari eta zortzi musikarik parte hartu dute grabazioetan.
Larunbateko ekitaldia emozioz betetako goiza izan zen Hernaniko Biteri kultur etxean. Motxila 21 taldeko lagunek hainbat kantu eskaini zituzten eurek duten indarrarekin. Aurkezle lanetan, Joxe Mari Agirretxe eta Amaia Elizondo Bizipozako talde eragileko kideak aritu ziren. Bestalde, proiektuan parte hartu duten sortzaile, idazle, abeslari, bertsolari, etab. bertan egon ziren, baita elkarteetako ordezkariak ere.
Hamaika letragile, eta dozena pare bat musikari
Letrak egiteko hamabi bertsolari eta sortzaile hauengana jo dute: Jon Garmendia Txuria, Alaia eta Jon Martin Etxebeste, Sustrai Colina, Jon Maia, Onintza Enbeita Maguregi, Oihane Perea Perez de Mendiola, Andoni Egaña, Gotzon Barandiaran Arteaga, Ane Labaka Maioz, Maialen Lujanbio eta Igor Elortza Aranoa.
Kantuak grabatzeko, berriz, musikari askoren laguntza izan dute. Oinarrizko bandan, L.M. Moreno Pirata-k haize instrumentuak jo ditu; Igor Telletxeak, bateria; Ruben Caballerok, gitarrak; eta Ritxi Salaberriak, baxua. Kaabestri hari laukoteak ere parte hartu du —Itziar Prieto, Igor Torre, Arkaitz Martinez eta Yi-Weng Wang)—. Horiez gain, beste hainbat kantari eta musika talderen laguntza izan dute ahotsak grabatzeko: Maren, Alaia eta Jon Martin Etxebeste, Estitxu eta Petti, Anari Alberdi eta Jon Maia, Alex Sardui, Jurgi Ekiza, Motxila 21, Francis, Demode Quartet eta Amak.
Bizipoza auzolan kantuak, bildumako azkenekoak, elkarte guztien ahalegina laburbiltzen du, eta kolaboratzaile guztiek batera grabatu dute, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera. Kantu horri dagokion bideoklipa ere aurkeztu zuten Hernanin egindako ekitaldian. Gainerako bideoklipak hurrengo asteetan aurkeztuko dituzte, banaka-banaka, Bizipozaren webgunean; elkarte horien lana ikusgarri egin nahi dute horrela.
Bideoklipen egutegia
• Urtarrilaren 29an, Bizipoza auzolan bideoklipa.
• Otsailaren 1ean, Hogeitabira (EHko Down Sindrome Fundazioa).
• Otsailaren 4an, Txokotxoa (Beroa Elkartea).
• Otsailaren 8an, Guztiontzat (Bortzirietako Guztiok Taldea).
• Otsailaren 11n, Beste pauso bat (Ademgi Elkartea).
• Otsailaren 15ean, Parke bat (Super H Elkartea).
• Otsailaren 18an, Mundu bat non (Etiopia Utopia Fundazioa Tikal).
• Otsailaren 22an, Gaur gu gara eguna (Sanfilippo Elkartea).
• Otsailaren 25ean, Izan gure lagun (Gure Nahia eta Gure Señeak elkarteak).
• Martxoaren 1ean, Nahi ibili gurekin? (Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Mindara Elkartea).
• Martxoaren 4an, Misha Txikia (Txernobilen Lagunak Elkartea).
Hainbat enpresen babesa jaso dute proiektua egin ahal izateko: Laboral Kutxak, Fagorrek, Danobat Groupek, Irizarrek eta Kutxa Fundazioak, hain justu. Larunbateko ekitaldian Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak ere parte hartu zuen udalaren izenean. Bizipozari eskerrak eman dizkiote babesle guztiek.
Argazkiak: IBAI ARRIETA