Pasa den larunbatean jokatu ziren Gipuzkoako XII. Euskal Pilota Egokituko Txapelketaren buruz buruzko finalak, Idiazabalgo Igarondo frontoian. Bi kategorietako finalak jokatu ziren eta hauexek izan ziren emaitzak: adimen urritasun kategorian, Eneko Sagarmendi izan zen txapelduna eta Iraitz Huegun azpitxapelduna, biak Mindara elkartekoak. Gurpil aulkiko kategorian, aldiz, Pagazpe elkarteko Beñat Lizaso izan zen txapelduna eta azpitxapelduna Asier Navaridas izan zen, Mindara elkartekoa.
Txapelketak aurrera darrai
Txapelketa ez da bukatu oraindik, izan ere, binakako txapelketak aurrera jarraitzen du. Hurrengo jardunaldia Andoaingo Arrate pilotalekuan izango da, martxoaren 26an. Bertan, adimen urritasun kategoriko partidak jokatuko dituzte. Binakako txapelketaren finala maiatzaren 14an ospatuko da Zumaiako Aitzuri frontoian.
Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren eta Gipuzkoako Euskal Pilotako Federazioaren elkarlanari esker, hamabigarren edizio hau ere aurrera doa!