ABIAN DA ESKUBALOI EGOKITUKO GIPUZKOAKO ‘TAUPADA’ TXAPELKETA

Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Sailarekin batera, lehen aldiz antolatu dute Gipuzkoako eskubaloi egokituko ‘Taupada’ txapelketa. Txapelketa honen helburua da desgaitasuna duten pertsonen artean eskubaloia praktikatzea normalizatzea, kolektibo hori kiroletik kanpo uzten duten oztopo asko haustea, eta, kirolaren bidez gizarteratzea.

Ereintza Izarrak, Txingudi Echemar, Zarautz ZKE eta Barakaldo Eskubaloi Taldeak hartuko dute parte txapelketa honetan. Elkarte guztien artean, 70 jokalari daude guztira gutxi gorabehera. Txapelketa honek hiru asteburuko egutegia izango du: Urtarrilak 25-26, otsailak 22-23 eta martxoak 22-23.

Txapelketa honen filosofiak hurrengo leloa darama: Kiroltasun gehiago, lehiakortasun gutxiago. Kontua ez da irabaztea, baizik etaparte hartzea eta norberaren onena ematen ahalegintzea. Txapelketarako araudi bat egin da parte hartuko duten klubekin aho batez onartuta.

Salto Fundazioaren babesa

Txapelketa hau antolatzeko Salto Fundazioaren laguntza izan dugu, eta bere ekarpena oso garrantzitsua da txapelketa honek ondo funtziona dezan. Guztion artean, gizarte bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzen lagundu nahi dugu, aniztasuna errespetatzen duena, eta desgaitasunen bat duten pertsonen artean jarduera fisikoa eta kirola egitea bultzatu nahi dugu, baldintza berdinetan eta mugarik gabe, haien osasuna eta bizi-kalitatea hobetuz.

Parteka ezazu:
Facebook
Twitter
Telegram
WhatsApp